XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina ezin dut esan osorik ezagutzera heldu nintzenik.

Ezinezkoa da, Mexiko kontrastez eta aldaketaz beteriko herria baita.

Dena ikusita eta ikasita daukazula uste duzunean, lurra dardarka hasten da, zabaldu egiten da eta jendeak eta herriak irensten ditu.

Hala eta guztiz ere, handik urte batzutara bertara itzultzen bazara, lurrikara gertatu zen leku berean jende eta herri berriak ikusiko dituzu.

Naturak behin eta berriz gogorazten die mexikarrei bizitzatik heriotzara dagoen tartea oso laburra dela eta garrantzitsuena, beraz, bizitzan zoriontsua izatea dela.

Horrexegatik egiten diote barre mexikarrek heriotzari, nik uste.

Marinba isiltzeaz batera, itsasuntzia portutik abiatu zen.

Kubertan geratu nintzen tabernetako argi alaiak, itsasuntzia kostaldetik urrundu ahala, puntu txiki-txikiak bihurtu ziren arte.

Bakarrik nengoen. Gainerako pasaiariak afaltzera joanak ziren.

Nik ez nuen afaltzeko gogorik; lo egiteko gogorik ere ez.

Pentsatzeko eta gogoratzeko gogoa nuen eta bakardade hartan, goardia egiten ari den soldaduari bezala, pentsamenduak berez zetozkidan burura.

Maleta baten barruan Sauza Extra markako botila bat neukala gogoratu nintzen.

Mexikori nire azken agurra emateko ez zegoen ezer hoberik, tequila trago on bat edatea baino.

Untzian eman zidaten gelatxora joan nintzen botilaren bila.

Leku estua eta luzea zen.